Hainbat dira Etxarri Aranazko Udalak, Espainiako Audientzia Nazionalaren aginduz, gudarien oroimenezko monolitoa konfiskatzeak eragindako erreakzioak. Horien artean azpimarragarria da Sorturena, epaitegi faxistaren jarduera kritikatzean zentratu beharrean, Amnistiaren Aldeko Mugimendua aurka egiten jartzen duela indarra eta, larriagoa dena, berau seinalatzen. Herri mailan zabaldutako Sorturen idazkiak erantzutera irteten behartzen gaitu.
Larritasun handiko arduragabekeria izugarria iruditzen zaigu, Udalaren eta Sortu parte den EH Bilduren irudia garbitzeko saiakeran, jo-puntua herri mugimendu baten eta bere militanteen (ezagutzen dituelarik) gainean kokatzen aritzea, salaketa horrek herri honetako jenderi, senideri eta laguni erakar litzaiekeen ondorioekin. Dagoeneko zerbait ezaguna eta mingarria, eta dena aldarrikatzeagatik herriari zegokiola erabakitzea.
Ustez, herri borondatearen bermea izan behar duen eta teorikoki sistema, barnetik eraginda, aldatzera zihoan Udal baten erantzukizuna herri mugimendu bati pasatzen saiatzen dira, eta abokatu batekin kontaktuan jartzeagatik ere iseka egiten diote. Borrokatzen omen duten sisteman gero eta sartutago daudela erakusten duen adibide ona.
Sortuk Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren Aurka egiten dituen bezalako seinalatzeekin, ziurtasun osoz ez dela izango abokatuen asistentzia beharko dugun azken aldia, edo zerbait okerragoa. Ziurtatu dezakeguna da, beraiek egin zutena ez bezala, guk ez ditugula gure antolakundearen printzipioak ez Audientzia Nazionalarekin egindako paktuetan salduko, jakinda epaiketa ospatuko ez dela lehenagotik, horretarako baterako dirua biltzen dugun bitartean.
Sortuk, bere idazkian, hainbatetan galdetzen du Amnistiaren Aldeko Mugimenduko militanteak non gauden, non ezkutatu garen. Eta esan behar diogu lanean ari garela, bizitzeko eta militantziarako, eta militatzen dugula soldatarik kobratu gabe, ez dietarik, ez desplazamendurik. Ezkutatu gabe eta gure herriarekin parez pare egiten dugu. Mugitzen garen inguruetan dauden loreak zapaltzen dugun lokatz berean hazten direnak dira, eta ez gure herrian beldurra, tortura eta heriotza erein dutenei egindako eta Sortuk parte hartzen duen lore-eskaintzetan daudenak.
Azkenik eta, antza denez, gudariak omentzeko herriak eskatu behar zuen baimenari dagokionez, Sorturi galdetu behar diogu adarra jotzen ari zaigun, benetan uste duen herriak liberatu instituzionalei herri honetako seme-alaben memoria gordetzeko baimena eskatu behar diela. Benetan hori pentsatzen badu, esan nahi duelako haien noraez ideologikokoak eurek ordezkatzen omen duten herria, monolitoa zegoen tokira begirunez eta minez joaten zena, mespretxatzera eraman dituela.
Otxoportilloko adierazpen desbideratu horri dagokionez, zeinaren bitartez herri mugimendu osoa Sorturen baitan kokatzeko saiakera egiten ari diren, kasu honetan eurenganatzen saiatzen ari direna da aipatutako lekuan fusilatutakoei herri mugimenduko adierazpen ezberdinek, duela 40 urtetik hona, egiten dieten omenaldia, beti bere biktimen ondoan egoten jakin duen herri bat ordezkatzen duen ekitaldia alegia. Kasu honetan ere ez diegu errepresaliatuen memoriaz jabetzen eta manipulatzen utziko, ezta memoria horrek ordezkatzen duen potentziala neutralizatzen saia daitezen ere.
Etxarri Aranaz, 2020ko otsailaren 4a.
Etxarri Aranazko Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.