Otsailaren 13 honetan 39 urte betetzen dira Joxe Arregi Carabanchelgo kartzelan hil zenetik Espainiako Poliziak, atxiloketa epeak iraun zuen denboran zehar, egindako torturek eragindako zaurien ondorioz. Ordutik eta urtero, otsailaren 13an Torturaren Aurkako Eguna izan da Euskal Herrian.
Joxe Arregi ez zen izan, inolaz ere, Euskal Herriak bere askatasunaren alde mantentzen duen borrokari eraso egiteko asmoz Estatuek torturatutako lehenengo pertsona, ezta azkenekoa ere. Milaka izan dira okupazio indarrek torturatutako euskal herritarrak, eta hori horrela izan da tortura erabaki politikoa delako.
Makinaria oso bat jarri zuten martxan erabaki politiko hau aurrera eramateko, eta horren parte dira poliziak, baina baita epaileak, fiskalak, epaitegietako auzi-medikuak, polizien aurrean kokiltzen diren ofiziozko abokatuak, bitarteko hauek guztiak bermatzen dituzten politikariak eta, nola ez, torturaren aldeko iritzia sortzen duten enpresari handien komunikabideak ere.
Ezinbestekoa da torturak betetzen duen papera ulertzea Euskal Herriaren askapen borroka bera ulertzeko. Tortura zapalkuntza bitarteko gordina den heinean, torturatzaileen aurkako borroka ere gordina izan da ezinbestean, izan ere sistemak berak torturatzaileak babestu, saritu eta ordaindu dituen bitartean, herriak bere burua defendatzeko mekanismoak jarri baititu martxan. Torturaren praktikak zilegiztatzen du, are eta gehiago, Espainia eta Frantziako Estatuen aurkako borroka.
Asko dira oraindik torturapean lapurtutako deklarazioetan oinarrituta kartzela zigorra pairatzen ari diren euskal militanteak. Torturatzaileak sarituak izaten eta karguetan maila-igoerak jasotzen dituzten bitartean, hauei aurre egin zieten militante politikoek bizi osorako zigorrak betetzen jarraitzen dute. Independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokalarien amnistia eskatzearekin batera, mertzenario torturatzaileen zigorgabetasunaren amaiera aldarrikatzen jarraituko dugu.
Euskal Herria, 2020ko otsailaren 13a.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.