Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Huelvako kartzelan dauden euskal preso politikoek kartzelarien aldetik pairatu zuten erasoa salatu nahi du.
Abuztuaren 8an, astelehena, isolamenduko patioan paletan ari zirela, nahi gabe kolpea eman zion preso politikoetako batek ping-pong-eko mahaiari palarekin. Momentu horretan hainbat kartzelari presoarengana hurbildu ziren kolpatzeko jarrerarekin, nahiz eta hori egitera ez ziren iritsi.
Ordutik aurrera eta egunean zehar kartzelariak preso politikoak mehatxatzen eta gogor iraintzen ibili ziren tentsio altua eraginez. Eraso honen aurrean, Huelvako espetxeko euskal preso politikoek gaur eta bihar txapeoa egitea (ziegatik ez ateratzea) erabaki dute protesta moduan.
Gure mugimendutik preso politikoen aurkako eraso berri hau salatu nahi dugu. Kartzelak horrelako jarrerak errazten baldin baditu, askoz gehiago lehen graduan eta isolamenduko moduluetan, Huelvakoan gertatu denaren antzera. Espetxeak sistemak eta estatuek kalean “itsusi” egiten duen guztia ezabatzeko erabiltzen duten instituzioa da, eta oso bereziki, kasu honetan bezala, disidentzia politikoa.
Errepresioak, ordea, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka ahultzetik urrun, borroka horri berari ematen dio zilegitasuna. Hori dela eta, elkartasuna adierazi nahi diegu Huelvako preso politikoei eta, nola ez, beraientzat eta gainontzeko preso politiko guztientzat amnistia aldarrikatu beste behin ere. Preso politikoen kontrako erasorik ez! Amnistia osoa!
Euskal Herrian, 2016ko abuztuaren 16a.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.
Bestaldetik abustuaren 1an Amnistiaren aldeko mugimenduak kozentrazioa burutu zuen basauriko espetxearen aurrean, hona hemen irakurritako testua eta konzentraren argazkiak:
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta 64 pertsona bildu dira Basauriko espetxearen aurrean preso politiko erien berehalako askatasuna galdegiteko.
Kontzentrazioaren bukaeran gogora ekarri dute Aitzol Gogorzak 6 egun eman zituela gose greban bere etxeratzea eskatzeko eta horregatik deitu zutela kontzentraziora, baina onartu egin dute preso gaixo batek horrelako hautu gogorra egin arte kalea mobilizatu ez izanak erakusten duela herri mugimenduak autokritika egin behar duela: preso gaixoek hain kaltetuta duten osasuna bera gose greba baten bidez gehiago kaltetzea irtenbide bakartzat hartzeak kalean behar beste indarrik ez dela egiten ari islatzen duela.
Hortaz, Aitzolen gose greba preso gaixoen askatasunaren aldeko borrokan inflexio puntua izateko deia egin dute eta hortxe kokatu dute Etxarrin hiru solidariok Aitzol eta gainontzeko preso gaixoen askatasuna lortzeko asmoz burutzen ari diren gose greba mugagabea. Borroka garaia dela gogorarazi dute eta Etxarritik bertatik, gose grebaz aparte, bultzatuko diren ekimenetan parte hartzeko deia egin dute.
Bukatzeko, gogora ekarri dute Valenceko kartzelan Ibon Goieaskoetxeak eta Aletxu Zobaranek mitardean eta lagun eta senideen bisitei uko egiten jarraitzen dutela urruntzea eta preso politikoen sakabanatzea salatzeko. Valenceko kartzela Euskal Herritik 1000 kilometrotara dago, oso garraio lotura txarrak ditu eta benetako odoluste ekonomikoa suposatzen du senideentzat.
Gainera, Valenceko kartzela espetxe eredu baten esperientzia pilotoa da, gerora Europa osora zabaldu nahi izango dutena, sarraski espetxe “finduaren” prototipoa delarik. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ostegunerako deitu du kontzentrazioa Frantziak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean Aletxu eta Ibonekin elkartasunean.
Euskal Herrian, 2016ko abuztuaren 16a.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.