Hauxe zen gaurko prestatuta geneukan agiria, baina bart gauean Carmen Alba Espainiako Gobernu Delekatuak manifestazioa debekatu egin duela jakin genuen.
Prentsaurreko honetan, gurekin batera, badaude preso politiko gaixoen senideak, preso gaixo ohiak eta Huelvan gose greban dauden preso politikoen senideak. Eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei.
Oso larria da preso politiko gaixoek pairatzen duten egoera. Kartzelaren ankerkeriari, gehiegikeriei, isolamenduei, tratu iraingarriari, sakabanaketari, bakardadeari eta abar luze bati gaixotasuna eta osasun asistentzia falta batzen zaizkionean, presoa heriotzaren korridorean sartu dutela esan daiteke.
Hau, ordea, ez da sistemaren akats baten ondorioa, ondo neurtutako espetxe politika hiltzailearen emaitza bazik. Hamarkadak daramatzate Espainia eta Frantziako Estatuek preso politikoei xantaia egiten hauen damua lortzeko asmoz, gehien eman dutenen ahotik borroka egiteak merezi ez duela dioen mezua lortu nahian, herri bat menpean hartu eta desagerrarazi nahian.
Logika horretan kokatzen da, eta ez beste inon, preso politiko gaixoekin egiten ari direna, eta horrek izen bat dauka: tortura, tortura psikologikoa eta fisikoa. Euskal Herrira gerra egitera etorri zirenek gerra egiten jarraitzen dute eta herri honen seme-alabak heriotzara arte torturatzen jarraitzeko prest daude.
Huelvako kartzelan gose greban dauden euskal preso politikoek argi esan ziguten: borroka kalean dago eta herriari mobilizatzea tokatzen zaio
. Preso gaixoekin elkartasunean 15 egun daramatzate gose greban Huelvako kartzelan. Kalekoei borroka egitea eskatu digute gaixorik dauden militanteak kartzelan hiltzen ez uzteko. Mezu bera iristen zaigu Valence, Mont de Marsan eta Fleuryko kartzeletatik ere.
Bitartean, kartzela atzean aspaldi utzi zuten beste bi militantek borroka eredugarri eta gogorrean daude murgildurik. 18garren eguna betetzen dute gaur gose greba mugagabeari eusten hementxe bertan, Etxarri Aranatzen. Haien aldarrikapen nagusia ere hauxe da: gaixorik dauden presoak kalera! Amnistia osoa!
Egoeraren gordintasuna ikusirik, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ere preso gaixoen askatasunaren aldeko borroka bultzatu nahi du, betiere begi bistatik galdu gabe horrelako egoera guztiekin bukatzeko berme bakarra amnistia dela. Soilik kartzelak hustea, iheslari eta deportatuen itzulera askerako bermeak lortzea eta hainbeste militante borrokara bultzatu zituen zapalkuntza egoeraren gainditzeak bermatuko du ez orain, ez etorkizunean ere, preso gaixoena bezain egoera larririk ez gertatzea.
Hori dela eta, larunbat honetan, irailak 3, arratsaldeko 7etan Etxarriko Plazatik Gaixorik dauden presoak kalera! Amnistia osoa!
lemapean abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi diogu Euskal Herriari.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.
Egoera berri honen aurrean debekuari helegitea jarriko diogula eta, edozein kasutan, mugimendu honentzat manifestazioa egitea den beste aukerarik ez dela existitzen.