
TOPAKETA FEMINISTAK
Euskal Herriko Bilgune Feministak gaur eman die amaiera hiru egunetan zehar 600 emakume inguru bildu dituen V. Topaketa Feministei.
Balantzea egiterakoan, Miren Arangurenek azaldu du hamar urteren buruan, Topaketetako partaide kopurua bikoiztea lortu dute. Arangurenen hitzetan, horrek erakusten du borroka feminista «bizirik eta osasuntsu» dagoela eta Euskal Herriaren eraikuntzarako «ezinbestekoa» dela.
Bideo batek, dantzak eta poesiak osatutako itxiera ekitaldi baten ondoren, nabarmendu dute «aurreikuspen guztiak hausteaz gain, Euskal Herriko feminista sarearen ordezkaritza zabala» izan dela bertan. «Gaur berretsi dezakegu lan estilo propioarekin feminismoan aritzeko erak sortzen jarraitzen dugula», azpimarratu dute.
Azken hiru egunotako balantzea egiteaz gainera, epe motzean zain duten hitzordu «garrantzitsu» baten berri eman diete bertaratutakoei: datorren martxoaren 29rako Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitutako greba orokorra. «Emakumeok asko dugu esateko eta egiteko. Emakumeak kalean izango gara», adierazi dute.