Polizia frantsesak Alberto Plazaola Oñatiko preso politiko ohia atxilotu zuen atzo Espainiak jarritako Euroagindu bat tarteko. Alberto iazko abenduan gelditu zen aske kartzelan 24 urte eman eta gero. Atxiloketa berri honen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak zera adierazi nahi du:
Alberto Plazaolaren atxiloketaren benetako arrazoiak ez dira berriak. Estatu espainolak eta bere eskutik Estatu frantsesak Euskal Herria menperatzeko aplikatzen duten estrategia errepresibo oso baten baitan ulertzen da atxiloketa hau. Kasu honetan preso politikoen zigorren luzapenari dagokion arloaren baitan kokatzen da, Santiago Arrozpideren atxiloketa bezala.
Hamarkadak daramatzate bi estatu kriminalek preso dauden militanteen aurkako gerra zikina erabiltzen. Horretarako dispertsioa asmatu zuten, preso politikoentzako espetxe araudi berezia, isolamendua, senideen erabilpen maquiavelikoa eta betetako zigorren luzapenerako 197⁄2006 doktrina, beste askoren artean. Iaz, zigorrak luzatzeko modu berri bat jarri zuten martxan: Frantziako kartzeletan betetako denbora kontutan ez hartzea, hain zuzen ere.
Modu honetan, estatuek preso politikoak psikologikoki apurtzea bilatzen dute, ondorioz, militante moduan ere apurtzeko. Eta ez gaitezen tronpatu, zigor hauek ez baitaude soilik preso politikoei zuzenduta, Euskal Herriko militantzia errebeldeari baizik. Preso politikoak eta borrokan eroritakoak dira jende askorentzat koherentzia eredu nagusia, borrokara lotzeko erreferenterik garrantzitsuena eta, hori jakinik, estatuek militante hauen damutzea bilatzen dute herri oso bat desaktibatzeko mekanismo gisa.
Desaktibazioaren logika berean kokatuko lirateke, bakoitza bere mailan, torturak, erailketak, bahiketak, jipoiak (estatuen estoldetatik datozenak zein “legalak”). Hauen bitartez estatuek herrian izua zabaltzea bilatu dute militanteak desaktibatzeko. Errepresio mota finak dira, kontzientea den militantearengan eragitea bilatzen dutenak kontzientea ez denari ahalik eta enbarazu txikiena eginez, lokartuta jarrai dezan.
Hortaz, etsaia herriari azken muturrekoa ematea bilatzen ari delarik, inoiz baino garrantzitsuagoa da auzoz auzo eta herriz herri Espainiako eta Frantziako izaera faxista azaltzea, herri honen bihotzean pizturik dagoen borrokarako sugarrak pizturik jarrai dezan. Antolatu eta borrokatu!
Euskal Herrian, 2015eko irailaren 8a.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua