Ezker abertzaleko Udal taldeak Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsak jai eremutik kanpo uzteko EAJk eta EBk aurreko ostiralean hartutako erabakia salatzen du. Aipatutako erabakiak, PSOEk martxan jarritako jazarpen ideologikoari ‑Nazio Batuetako Giza Eskubideen errelatoreak zalantzan jarri duena- babesa emateaz gain, argi adierazten du Azkunaren eta Madrazoren bategitea PSOEk eta PPk abiatutako jai ereduaren kontrako gurutzadarekin.
Beste hiriburuetan, Donostian esaterako, herritarren parte-hartze eskasa dela eta, Bilboko Aste Nagusiak duen izaerarantz hurbiltzeko gero eta ahots gehiago zabaltzen ari diren honetan, Bilbon EAJk eta EBk, koldarkeri politikoa dela medio, egungo jai eredua hondatzea helburu duten PSOEren eta PPren aurrean amorea ematen dute.
PSOE eta PP pozik egongo dira. Kriminalizaio eta jazarpen kanpainarekin, inguruko taldeek txupineraren kontrako heriotza mehatxu barne, udan lortu ez zutena, batez ere, herritarrek Aste Nagusiaren defentsan emandako erantzunagatik, jaso izan dute orain Azkuna eta Madrazoren eskutik.
Bide okerretik sartu dira EAJ eta EB. PSOE eta PP ez dira aseko eta gehiago nahi izango dute. Helburu argia dute: Aste Nagusiak duen izaera herritar eta parte-hartzailea, euskal kulturan oinarritzen dena, hondatzea. Eta hori gauzatzeko, edozein bitarteko erabiltzeko prest daude, mehatxuak, kriminalizazioa eta ideien jazarpena barne.
Ezker abertzaleak, hiriko aniztasuna batzen duen talde bakarrenetarikoa den Bilboko Konpartsak egiten duen lana goraipatzeaz gain eta konpartsa guztiei, inolako bazterketarik gabe, babesa eta elkartasuna adierazteaz gain, deia luzatu nahi die eragile sozial, kultural eta sindikalei, guztion artean, harresi bat sortzeko, herritarren artean sustraituta dagoen jai eredua defendatzeko eta, bortizkeriaren, mehatxuen eta jazarpenen bitartez, pentsamendu bakarreko jaietara itzularazi nahi dutenei aurre egiteko.
Beste aldetik, ezker abertzaleak salatu nahi du EAJk eta EBk, oinarri juridikorik gabe, Aresek hasitako jazarpen ideologikoari emandako babes lotsagarria. Gogoratu nahi dugu, orain arte ez dela ebazpen judizialik presoen argazkiak erakustea delitua dela esaten duena eta gai horren inguruan dagoen bakarrak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Justizia Auzitegi Nagusiak emandakoak, guztiz kontrakoa adierazten duela. Are gehiago, gero eta ahots gehiago dago nazioartean presoen argazkiak erakustea ezin dela delitutzat jo adierazten dutenak, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Martin Scheineen erelatorearenak barne.