*Asier Blas Mendoza /ARGIA astekaria
Zaila da propaganda olatu erdian Ukrainako gerraren egunerokotasunean gertatzen ari dena aztertzea. Gurean hedabide gehienek hooligan moduko lerrokatze bat egin dute gertakari batzuk anplifikatuz, beste asko isilaraziz eta beste batzuk faltsutuz, histeria kolektiboa sortuz. Errusiaren inbasioa eta gerra salatzea beharrezkoa da, ukrainar herriarekin elkartasuna adieraztea bezala, baina atentzioa ematen du gehiegizko erreakzioak kasu honetan, inoiz tamaina honetako nazioarteko legediaren haustura bat edota agresio gerra bat bizi izan ez bagenitu bezala.
Herrialde batek edo batzuek, erasorik jaso gabe eta NBEko babesik gabe, beste baten kontra egiten dituen erasoen doktrina horretan bi mugarri garrantzitsu izan ziren: 1999an Jugoslaviaren aurka NATOk burutu zuen bonbardaketa eta 2003an AEBek Iraken aurka burutu zuten inbasioa eta gerra. Ondoren gehiago etorri ziren, hildako eta errefuxiatu kopuru handiekin.
Errefuxiatuen harira arriskutsua da zabaltzen ari den moral bikoitza. Mendebaldeko herrialdeetako zenbait telebistatan xenofobia eta arrazakeria azaleratu dira gerren eta errefuxiatuen arteko desberdintasunak justifikatzeko, erasoa jasa dutenen azal, ile eta begi koloreengatik edota zibilizatu graduagatik; ez omen da gauza bera Ukraina edo Irak erasotzea, eta ez omen dira gauza bera Ekialde Hurbileko errefuxiatuak edo ukrainarrak.
Halere, dena ez da xenofobia kontua. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik NATO lehen aldiz sentitu du militarki eraso egin diotela. Mendebaldeak Ukraina bere eragin eta kontrolpeko lurralde gisa kontsideratzen baitu. Horregatik Josep Borrellek, EBeko Atzerri eta Segurtasun Politikako goi-ordezkariak, gerra adierazpen baten pareko hitzak bota zituen inbasio hasieran: “Inork ezin du eskatu gatazken konponbide baketsua. Inork ezin ditu erasotzailea eta erasoa jasan duena maila berean jarri. Eta une honetan gure ondoan ez daudenak gogoratuko ditugu”.
Horrek esplikatzen du zergatik hainbeste baliabide jartzen ari garen ukrainar armadaren eskuetan. Munduan eraso egiten dieten asko daude eta ez gaude horiek armatzen, entrenatzen, aholkatzen eta inteligentzia militarreko informazio guztiak partekatu.
Gerran gaude eta egoera honetan intentsitate baxuko demokraziak sufritu egiten du, adierazpen askatasuna murrizten da eta eskubide zibilak urratu egiten dira. Honen adibideak dira errusofobia olatu berria edo gure lagun Pablo González kazetariak bizi duen egoera. Artikulu hau idazten ari garen unean Pablok hiru aste daramatza atxilotuta Polonian bere abokatuarekin kontakturik izan gabe. Espioi izatea egozten diote, nahiz eta ez duten inolako frogarik aurkeztu. Baina gerra egoeretan denak balio du: Poloniak argudiatu du Pablok bi pasaporte zituela atxilotu zutenean; antza delitua baita Errusian jaiotzea eta herrialde horretako aita eta pasaportea izatea.
Poloniako Gobernuak europar zuzenbide komunitarioa urratu du edozein diktadurak egingo lukeen maila berean eta horren aurrean EAEko ordezkariek eta, bereziki, Estatu espainiarrekoek, jarrera oso epela erakutsi dute. Gerra egoeran daude eta akusazio larri bat tarteko ez dute eskubide zibilen defentsarako gogorik. Imajina dezakezue zein kanpaina mota piztuko litzatekeen antzeko atxiloketa eta eskubide urraketa Poloniak egin beharrean Errusiak egin izan balu? Bitartean, horrelakoetan, Polonian izan, Errusian izan edo beste edonon, pertsona bat hamarnaka egun inkomunikaturik dutenean badaude arrazoi nahikoak bere osasun egoeragatik beldur izateko.